spacer.png, 0 kB
Inicio arrow Buruko gaixotasuna
Buruko Gaixotasuna PDF Inprimatu E-posta
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, “OSASUNA erabateko gorputz, buru eta gizarte ongizatezko egoera da eta ez gaixotasunik eza bakarrik” eta BURUKO OSASUNA honako honela definitzen du: “familiako, laneko, aisiako eta, oro har, komunitateko beste batzuekin harremanetan egoteko era”. Horrenbestez, gu munduari eta besteei eraginkortasunik eta zoriontasunik handienarekin moldatzeko modurik egokiena izango litzateke.

Kontzeptu-multzo horri jarraituz, BURUKO GAIXOTASUNA zer den zehazki definitzea korapilatsu egiten da, baina, hala ere, Buruko Gaixotasuna dutenen eta Senideen Elkarteen Espainiako Konfederazioaren “Estilo gidaliburua”n ezarritakoari jarraituz laburbilduko dugu:
Buruko nahaste edo gaixotasuna emozio, ezagumendu nahiz portaera aldaketa bat da, horren eraginpean geratzen direlarik zenbait oinarrizko prozesu psikologiko, hala nola: emozioa, motibazioa, ezagumendua, kontzientzia, jokaera, pertzepzioa, zentzazioa, ikaskuntza, lengoaia etab. Pertsonari bizi den kultur eta gizarte ingurunera moldatzea eragozten diona eta ondoez subjektibo motaren bat sortzen.

Ez da erraza, buruko gaixotasuna agertzeko kausa-efektua erlaziorik ezartzea, ugari baitira eta erlazio hartan elkartzen baitira gaixotasuna agertzerakoan eragina izan dezaketen zenbait faktore biologiko (aldaketa biokimikoak, metabolikoak etab.), faktore psikologiko (pertsonaren bizipenak, ikaskuntza etab.) eta gizarte-faktore (kultura, gizarte-esparrua, famili esparrua etab.).

Diagnostikoak: American Psychiatric Association-en DSM-IV edo Osasunaren Mundu Erakundearen CIE-10 bezalako nazioarteko sailkapen-irizpideen arabera, Buruko Gaixotasun Larritzat jotako egoera ekartzen duten diagnostiko-multzoak dira:

  • Eskizofrenia eta asaldu edo nahaste psikotikoen multzoa: ezaugarriak dira pentsamenduaren nahasteak, haluzinazioak eta sintoma negatiboak; oso eragin handia du gizarte-harremanetako eginkizunetan. Errealitatearen ebaluazioan narriatze handia gertatzen da eta horrek neurri handi batean bizitzako eguneroko zereginei erantzuteko gaitasunean eragiten du. Distortsio horiek pentsamenduaren eta emozioen pertzepziotik datoz.
  • Asaldu bipolarra eta asaldu afektibo handien multzoa: Ezaugarriak dira, gogo-egoeraren nahasmendu larriko faseak eta erasandako pertsonaren jarduera-maila (gertakari maniako-depresiboak).
  • Nortasun-nahasteak: Nortasuna, bizitzeko modua, izateko era eta ingurunearekin erlazionatzeko era aldatzen dira. Patologia bera nortasunezko berezitasun multzoek (ez sintoma klinikoek) ematen dute, pertsonari sufriarazi egiten diote edo gatazka handiak sorrarazten dizkiote pertsonen arteko edo gizarteko harremanean.


Gaixotasunak jotako biztanle-kopurua
Lau pertsonatik batek buruko nahasteren bat jasaten du bizitzan zehar. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, munduan 52 milioi pertsonak jasaten du buruko gaixotasun larria. Estatistika-datuen arabera, biztanleriaren %1ek eskizofrenia-diagnostikoa du eta beste %1ek, nahaste bipolarra.

Zein da familiaren eginkizuna buruko gaixotasuna tratatzerakoan?

Famili ingurune egokia eta lasaia oso garrantzitsua da buruko gaixotasuna oneratzerakoan. Familiaren eginkizuna funtsezkoa da, ezen bizitako esperientzia eta buruko gaixotasuna duen pertsonarengandik hurbil egoteak datu asko eman ditzake eta tratamendurako euskarria izan ere bai.

Familia funtsezko elementua da gaixotasuna duen pertsonari espezialistak proposatutako tratamendua betetzen laguntzeko; adibidez, pertsona horiek farmakologi tratamendua uzteko izaten duten joerari aurre egiten, edo anorexiak erasandako pertsonen elikatze-ohitura berreziei jarraipena egiten.

Horretarako, oso garrantzitsua da familiak ere buruko osasuneko profesionalen eta zerbitzuen sostengua eta laguntza jaso ditzan.

(Estatuko Eri psikiko eta Senide Elkarteen Konfederazioaren “Estilo gidaliburu”tik ateratako testua.)

Beharrezkoa da informazio eta erreferentziazko lana egitea familiarentzat; lan hori errealitate berri batean kokatzera eta buruko gaixotasunaren esperientziaren aurrean jarduteko jarraibideak eskaintzera zuzenduta egon behar da. Orduan, familiak eginkizun aktiboa eta erasandako pertsonari laguntzekoa garatzeko aukera izango du.

EGIA DA BURUKO GAIXOTASUNEK INDARKERIAZKO EKINTZETARA DARAMATELA?

Ez. Buruko gaixotasunari indarkeria datxekiolako ideiak ez du oinarri zientifikorik.

Ezin esan daiteke, buruko gaixotasuna duten pertsonak buruko gaixotasunik ez dutenak baino erasokorragoak direnik, ez indarkeriazko ekintzak ez delituak egiteko aukera gehiago dutenik. Buruko gaixotasunak erasandako pertsonak oso gutxitan dira arriskutsuak gizartearentzat, oro har. Buruko asaldura batzuek bakarrik gara ditzakete portaera erasokordun gertakari batzuk, norberaren nahiz famili ingurunearen kontrakoak, hura jasaten ari den pertsonak tratamendua jasotzen ez duenean.

Egia esan, aukera gehiago dago buruko gaixotasuna duten pertsonak abusuen edo tratu txarren biktimak izateko eta euren eskubideak urratuak izateko. Gaixotasun hau eta bere sintomak tratamendu egokia jasoteak denik eta gutxienera murrizten ditu halako arriskuak.

(Estatuko Eri psikiko eta Senide Elkarteen Konfederazioaren “Estilo gidaliburutik ateratako testua).

Icono de descarga de documentos Jaitsi eskizofreniari buruzko gure argitalpena

Icono de descarga de documentos Jaitsi asaldu bipolarrari buruzko gure argitalpena

 

Estatistikak

Bisitariak: 150928
spacer.png, 0 kB